Jaurlaritzak 2 milioi euroko diru-laguntza onartu du DANAk eragindako instalazioen jabe diren kirol erakundeei

• Kirol Kontseilu Gorenak (CSD) 2 milioi eurorainoko diru-laguntza emango du DANAk eragindako azpiegiturak, ekipamenduak edo instalazioak konpontzeko, berreraikitzeko edo lehengoratzeko, baldin eta Estatuko eta autonomia-erkidegoetako kirol-erakundeen jabe badira.

• Diru-laguntza honen onuradunak, batez ere, kirol klubak eta lurralde federazioak izango dira.

• Neurri horrek osatu egiten ditu 6/2024 Errege Lege Dekretuaren 5. artikuluan jasotako laguntzak, zeinekin Espainiako Gobernuak lagunduko baitu udal-, probintzia- edo uharte-titulartasuneko instalazioak konpontzen, lehengoratzen edo berreraikitzen.

 

Madrilen, 2024ko azaroaren 28an.- Ministro Kontseiluak, ostegun honetan egindako bileran, onartu du Kirol Kontseilu Gorenaren (CSD) bidez 2 milioi eurorainoko diru-laguntza ematea DANAren eraginpeko azpiegituren, ekipamenduen edo instalazioen jabe diren kirol-erakundeei.

Hondamendi honek eragindako larrialdi egoeraren harira, Espainiako Gobernuak bi laguntza lerro aurreikusten ditu kirolaren alorrean.

Lehenengoa, 6/2024 Errege Lege Dekretuaren 5. artikuluan jasotakoa; horren bidez, Espainiako Gobernuak udal-, probintzia- edo uharte-titulartasuneko azpiegiturak, ekipamenduak edo instalazioak eta zerbitzuak konpontzen, lehengoratzen edo berreraikitzen lagunduko die toki-erakundeei.

Eta bigarren hori, CSDk emandako 2 milioi eurora arteko diru-laguntzaren bidez, estatu edo autonomia mailako erregistroetan agertzen diren izaera pribatuko kirol erakundeei zuzenduta dagoena. Batez ere, 6/2024 Errege Lege Dekretuaren eranskineko 78 udalerrietako batean kokatutako kirol azpiegitura, ekipamendu edo instalazioen jabe diren lurralde klub eta federazioak.

Laguntza horiek gehienez ere 100.000 eurokoak izan daitezke kirol-erakunde bakoitzeko, eta 2024ko urriaren 28tik 2025eko abenduaren 31ra bitartean DANBek eragindako kalteen ondorioz egin behar dituzten konponketa-, berreraikuntza- edo itzulketa-lanen gastuak ordaintzeko izango dira.

Diru-laguntza horren zenbateko osoa 2 milioi euro artekoa izango da, eta CSDren gastu-aurrekontuaren kontura finantzatuko da.

 

Kirolarekin konprometitutako gobernua

Gainera, Goi Mailako Kirolariari Arreta Emateko Programaren (PROAD) bidez, CSDk laguntza psikosozialeko zerbitzua jarri du behar duten kirolarien eskura Madril, Leon eta Sierra Nevadako Errendimendu Handiko Zentroetan.

Erabaki horiek guztiek Espainiako Gobernuak kirolari ematen dion garrantzia azpimarratzen dute. Izan ere, Espainia izan zen Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren barruan trakzio-elementu gisa sartu zuen Europar Batasuneko herrialde bakarra, eta NextGeneration funtsetatik jasotako 300 milioi euro jarri zituen sektore horren eskura.

Oraingo honetan, kirolak leku garrantzitsua izango du berriro ere tragedia honen berreskuratze-prozesuan, ez bakarrik eragindako pertsonen osasun fisiko eta mentalerako onura nabarmenengatik, baita gizarte-kohesiorako eta ekonomia suspertzeko eragile gisa ere.

Hondamendi egoeretan, kirola egiteak normaltasun emozionala berreraikitzeko bidea ematen du. Gainera, kirolak enplegua sortzen du, turismoa eta ostalaritza bezalako sektoreak bultzatzen ditu, eta elkartasuna eta erresilientzia bezalako balioak sustatzen ditu, funtsezkoak berreraikitze uneetan. Hori dela eta, Gobernu honek lehentasuna emango dio kaltetutako kirol-instalazioak birgaitzeari eta kirola berreskuratze integralerako tresna gisa erabiltzen duten programak bultzatzeari.