Kirolarekin lotutako enplegua %6 hazi da Espainian azken urtean, 270.200 pertsonara iritsi arte
- “Datuek erakusten dute Espainiako ekonomiaren martxa ona, oro har, eta kirol-industriarena, bereziki”, adierazi du Kirol Kontseilu Goreneko (CSD) presidente José Manuel Rodríguez Uribesek.
Madrilen, 2026ko otsailaren 18an.- Kirolarekin lotutako enplegua 270.200 pertsonakoa izan zen Espainian 2025ean, hau da, 2024an baino % 6 gehiago. Beraz, sendotu egin da jarduera fisikoaren eta kirolaren esparruan lanpostuak sortzeko joera gure herrialdean.
Zifra hori 2023an baino % 9,5 handiagoa da, 2022an baino % 15,2 handiagoa, eta Espainiako enplegu osoaren % 1,2 osatzen du. Ehuneko hori egonkor mantendu da azken bi urteetan.
Datu horiek, Hezkuntza, Lanbide Heziketa eta Kirol Ministerioaren DEPORTEData plataforman jasotakoak, kirolaren eremuari aplikatutako Biztanleria Aktiboaren Inkestaren (EPA) ustiapenetik ondorioztatzen dira. Hor sartzen dira bai kirol jardueretan aritzen diren enpresetako enpleguak -hala nola instalazioen, kluben, gimnasioen edo kirol ikuskizunen kudeaketa-, bai kirolarien, entrenatzaileen eta hezitzaileen lanbideak.
Ikerketaren arabera, kirol sektorean enplegatuen %60,9 dira gizonezkoak, emakumezkoak %39,1 diren bitartean.
Adinen arabera, lan-eremu horretako gazteak nabarmentzen dira: enplegatutako pertsonen % 54,0k 35 urte baino gutxiago ditu; Espainiako lan-merkatu osoan, berriz, adin horretatik beherakoak okupatutako populazioaren laurden bat dira, gutxi gorabehera.
Halaber, kirolarekin lotutako jardueretan lan egiten dutenek batez bestekotik gorako prestakuntza-maila dute. 2025ean, % 51,3k goi-mailako hezkuntza zuen; enplegu osoan, berriz, % 46,9k.
Lan ezaugarriei dagokienez, kirolari lotutako lanpostuen %85 soldatapekoak dira.
Enplegu guztietatik, % 54,6 lanaldi osoko enpleguei dagokie, eta % 45,4 lanaldi partzialekoei; enplegu nazional osoan, berriz, % 86,3koa da lanaldi osoko lana.
José Manuel Rodríguez Uribes Kirol Kontseilu Goreneko (CSD) presidentearen ustez, datu horiek “oro har, Espainiako ekonomiaren eta, bereziki, kirol-industriaren martxa ona islatzen dute”, eta jarduera fisikoak gure gizartean duen “eragin positiboa” azpimarratzen dute.
“Kirola ez da osasun, ongizate, sozializazio eta balio iturri bat bakarrik, aberastasun eta garapen motor gero eta indartsuagoa bihurtu da”, adierazi du Rodriguez Uribesek. Horren harira, CSDko presidenteak azpimarratu du beharrezkoa dela “lanean jarraitzea datuetako batzuk hobetzeko, bereziki emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari eta lan-egonkortasun handiagoari buruzkoak”.
